2026·10·22
Egunotan azken ukituak emanda, Aita Iparragirre Herri Eskolako jolastokia eraldatzeko bigarren faseko lanak bukatutzat eman daitezke jada. Anbizio handiko proiektua da Idiazabal bezalako herri batentzat; horregatik, lanak hainbat fasetan banatuta egiten ari dira; azkenak, aurtengo abuztutik urrira bitartean osatu dira. Eunate Elio Hezkuntza eta Berdintasun arloko zinegotziak azaldu duenez, “eskolako jolastokia naturalizatzea, berdetzea eta irisgarritasuna hobetzea ziren proiektu honen hasierako helburuak, eta helburu horiek lortu dira”.
Egitasmoa martxan jarri zenetik, bi urtetik gorako prozesua izan da; izan ere, eskola komunitateak 2024/25 ikasturtean zehar egindako parte-hartze prozesu batekin hasi zen dena. Bertan, etorkizunean nolako jolastokia nahiko zuketen eztabaidatu zuten, eta hainbat ondorio atera zituzten: espazio berdeagoa eta irisgarriagoa nahi zuten, aterpe batekin eta kirol edo jolas ezberdinak egiteko aukera ematen duten espazioak sortuz.
Bide horretatik, espazio inklusiboetan espezialduta dagoen TEO arkitektura enpresak egin zuen proiektua, eta 2025eko uztailean hasi ziren lehen faseko lanak. Bertan, Haur Hezkuntzako 2, 3 eta 4. mailako umeak egoten diren espazioa txukundu zen, lurzorua berrituz eta espazioaren aprobetxamendu hobea eginez. Hala, espazio ezberdinak egokitu ziren, eta adinari egokitutako jolas eta material berriak jarri ziren. Eraikinalden atzealdean, egurrezko harmaila bat jarri zen, aulki eta lorontziekin. Berdegune gehiago eta itzala egiteko toldo bidezko aterpe bat ere jarri zen.
Aurten berriz, bigarren faseko lanak egin dira, abuztu hasieran hasita. Proiektu honen helburua, orain arte bananduta zeuden HH4 eta HH5 eremuetako bi patioak elkartzea izan da, espazioen arteko jarraikortasuna, irisgarritasuna eta elkarreragina bilatuz. Horretarako zurezko egitura berri bat eraiki da. Horrekin batera, HH5 eremuan harmailak, parterre berriak, zurezko akaberak, drainatze-sistema aurreratuak eta eremu berde berriak jarri dira. Gainera, HH4 eremuan kolunpio berria ere jarri da.
Eraberritze lanek orain arte 297.941 euroko kostua izan dute; kopuru horren zatirik handiena, 215.895 euro, proiektua eta lehen faseko lanak gauzatzeko erabili zen. Bigarren fasearen kostua, berriz, 82.046 eurokoa izan da. Baina jolastokia eraberritzeko proiektua oraindik ez da amaitu, jolastokiaren beheko aldea berritzea falta baita. Lan horiek, orain arte bezala, ikastetxeko oporraldiak probestuz egingo dira, datozen urteetan.
Erabilera egokia
Jolastoki berriaren helburu nagusia hezkuntza-balio berrietan oinarritutako gunea eskaintzea da: genero-berdintasuna sustatzea, adin ezberdinetako ikasleei egokitutako eskaintza bermatzea eta natura, aniztasuna, sormena nahiz autonomia erdigunean jartzea.
Eunate Elio zinegotziak azaldu duenez, “eskolan lantzen ari dira balio hauek guztiak eta gune berriaren erabilera arauak umeekin”. Baina herriari irekitako eremu bat denez gero, Udalaren izenean, herritar guztiei egin die baliabide horien erabilera egokia egiteko deia.
