Urriaren 11n Euskal Herriko 43. Artzai Gazta Txapelketa eta Baserritarren Eguna ospatuko dira Idiazabalen, egitarau betearekin

2026·10·08


Igande honetan, urriak 11, Euskal Herriko Artzai Gazta-Idiazabal Baserrikoa Txapelketaren 43. edizioa eta Baserritarren Eguna ospatuko dira Idiazabalen. Goiz osoko festa izango da, eta besteak beste, ganadu erakusketa, gaztagile eta artisauen postuak, umeentzako jolasak eta herri kirolak izango dira. Gazta-egite erakustaldia, Mendiko Gaztaren dastaketa eta lehiaketa herrikoia eta artaldea herritik pasatzen ikusteko aukera ere izango da. Artzai Gazta Elkarteak, Idiazabal Jatorri Izendapenak, Idiazabalgo Udalak eta San Blas abeltzain elkarteak antolatzen dute eguna, hainbat babesleren laguntzarekin.

Gazta lehiaketan, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako txapelketetan sailkapenik onenak lortutako gaztagileek parte hartzen dute, 40 inguru. Goizeko 10:30ean hasiko da lehiaketa eta 13:45ean banatuko dira sariak. Epaimahaia lau mahaitan banatuko da, eta bertan, sukaldariak, artzainak, pertsonaia ezagunak eta Idiazabal Jatorri Izendapeneko dastatzaile ofizialak izango dira. Gazta guztiak dastatu ondoren erabakiko dute zein den aurtengo Euskal Herriko Artzain Gazta-Idiazabal Baserrikoa gaztarik onena.

Bestalde, dastaketa eta lehiaketa herrikoia ere egingo da plazan; aurten, berezitasun batekin. Izan ere, Mendiko Gaztak izango dira dastaketa hontan parte hartuko dutenak. Artzainek latxa ardien esne gordinarekin egindako gazta ondua da, Aralar, Urbia eta Aloña mendilerroetan dauden borda eta txaboletan egina, modu tradizionalean. Mendiko gazta artisau-produktu paregabea da, mendiko larreetako askatasunean bazkatuz, eta artaldeko arkumeetatik lortutako gatzagi naturala erabiliz, usain eta zapore bereizgarriak dituen gazta baita.

Egun honekin, artzain eta gaztagileak herritarrengana gerturatu eta gaztaren atzean dagoen milaka urteko tradizioa eta artzain nahiz ganaduzaleek landa garapen jasangarri baten alde egiten duten lana balioan jarri nahi dira.

Latxa Ardiaren artilea eta jasangarritasuna

Artzaintza bere DNAn darama Idiazabalek, eta artilea lanbide eta bizimodu horren adarretako bat da. Mendeetan zehar hotzetik edo berotik babesteko erabili izan da, eta gaur egun kasik hondakin bezala tratatzen bada ere, isolatzaile naturalik onenetako bat izaten jarraitzen du. Zuntz sintetikoek haren lekua aspaldi hartu bazuten ere, gero eta gehiago dira alternatiba naturalak eta toxikorik gabeak bilatzen ari direnak, ehungintzatik hasi eta eraikuntza edo nekazaritzaraino. 

Zuntz naturalak eta tokiko jasangarritasuna. Latxa Ardia erakusketak ardi-artilearen balioa berraurkitzera gonbidatzen gaitu, hurbileneko baliabideetan etorkizun jasangarriago baterako konponbideak aurki daitezkeela gogoraraziz. Ostiralean, urriak 9, zabalduko da erakusketa udaletxeko Areto Nagusian, 18:00etan, eta igande goizean, 11:00etan, bisita gidatua eskainiko dute Mia Rissanen eta Birte Kurth erakusketako komisarioek.

Erakusketa Mestiza elkartearekin elkarlanean antolatu du Idiazabalgo Udalak eta hilaren 23ra arte izango da ikusgai astelehenetik ostiralera, goizez (10:30-12:30) eta arratsaldez (16:00-19:00).