2026·09·16
Idiazabalgo Udalak herriko erreketako hondakinen arazoari aurre egiteko esku-hartze integrala jarri du martxan, garbiketa lanak, prebentzio neurriak, hezkuntza eta sentsibilizazioa uztartuz. Egunotan, garbiketa lanak egiten ari dira Urtsuaran errekan eta Oria ibaian, 4.000 metrotik gorako eremuan. Bestetik, herriguneko 190 metroko zatian, hondakinak errekara joatea saihesteko saretak jarri dira eta zaborrontzi berria ere jarriko da plazan. Horrez gain, Herri Eskolarekin elkarlanean prebentzio-kultura sustatu da, eta herritarrei begira, Erreka Eguna egingo da urrian.
Jaione Munarriz Idiazabalgo Udaleko ingurumen zinegotziak azaldu duenez, “Agenda 2030 planean jasotako helburuen artean dago erreka garbitu eta txukun mantentzearena, eta interbentzio hauek ere plangintza horren barruan kokatzen dira”. Herriko hainbat puntutan, zabor pilaketa handiak zeuden, udal brigadako langileek ere kezka adierazia zuten, eta horrelako eskuhartze bat egiteko momentua zela ikusi zuen udalak. “Arazo horri irtenbidea eman nahi izan zaio, hainbat alor lantzen dituen egitasmo honekin”.
Hori guztia ikusita, Idiazabalgo Udalak ikuspegi integrala duen proiektu bat diseinatu du, lau ardatz estrategikotan oinarritua: garbiketa, neurri prebentiboak, gazteen inplikazioa eta herritarren sentsibilizazioa. Ekintza-multzo honen aurrekontua 10.000 euro ingurukoa da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jasoko du, kostu osoaren %80a finantziatuta.
Batetik, Oria ibaian eta Urtsuaran errekan garbiketa lanak egingo dira. Urzain enpresakoak ari dira egunotan lan horiek egiten; Oria ibaiak Idiazabalen zeharkatzen duen eremu osoa garbituko dute, 3.113 metroko zatia; eta Urtsuaran errekan beste 1.663 metrokoa, plaza paretik, Oria ibaiarekin bat egiten duen puntura arte.
Horrez gain, Idiazabalgo plaza eta frontoi inguruko ibaiertza babestu nahi dira, plastiko arinak eta hondakin txikiak ibaira iristea murriztuz. Horretarako, plaza eta frontoi inguruko eremuan, saretak jarriko dira, 190 metroko ibaiertza babesteko, plastiko arinak ez daitezen uretara erori. Ona Montaiak etxekoak ari dira lan horretan.
Ekintzak eta kontzientziazioa
Baina proiektu hau ez da aipatutako esku-hartze horiekin bukatzen, “ekintzak eta kontzientziazioa” biak lantzen baititu, bai eskolari eta umeei begira, baina baita herritarrei begira ere. “Askotan umeengan jartzen dugu fokoa, baina ume nahiz heldu, denok hartu behar dugu kontzientzia, gure ibaietan hasten dela itsasoa, eta errekara botatzen dugunak itsasoan bukatzen duela”.
Batetik, hondakin sakabanatuen prebentzio-kultura sustatu nahi izan da, hezkuntza eta komunitatearen parte-hartzea indartuz eta herri mailako sentsibilizazio ekintzak eginez. Hezkuntzari dagokionean, ikasgeletan landu da gaia, herri eskolarekin elkarlanean. Horrez gain, kale irteerak eta zuzeneko behaketak ere egin dituzte, eta ikasleek eurek egindako edukiontzi txikiak herriko tabernetan banatu dira. Hori guztia, Agenda 2030aren eta Garapen Jasangarrirako Helburuen markoan.
Herritarrei begira berriz, kontzientziazioa lantzeko herri mailako ekintza bat, Erreka Eguna egingo da. Data zehatza oraindik erabaki gabe badago ere, urrian zehar izango dela aurreikusten da. Garbiketa kolektibo honen bidez, herritarren inplikazioa bilatu eta idiazabaldarrak arazoaren dimentsioaz jabetzea lortu nahi da. Elkarte guztiei gonbidapena bidaliko zaie, eta jasotako hondakinak bereizita bildu ondoren, bistan utziko dira.
