Berrikuntza nagusia bi eremuen arteko lotura izango da, zurezko egitura baten bidez orain arte bananduta zeuden HH4 eta HH5 jolastokiak elkartuz. Bigarren fase honetako lanak Kimubat enpresak burutuko ditu, TEO Arkitekturak idatzitako exekuzio-proiektuari jarraituz.

2026·08·07


Idiazabalgo Udalak aste honetan bertan hasi ditu Aita Iparragirre Herri Eskolako jolastokia transformatzeko proiektuaren bigarren faseko obrak. Ekimen honen jatorria ez da soilik azpiegitura bat berritzea, baizik eta herriko haur, nerabe zein hezkuntza-komunitatearen parte-hartze aktiboaz baliatuz, bizikidetza-balioetan heziko duen ingurune bat sortzea.

Bateratzea berrikuntza nagusi: zurezko egitura berria

Fase honetako berrikuntza eta mugarri nagusia zurezko egitura berri baten eraikuntza izango da. Egitura honi esker, orain arte bananduta zeuden HH4 eta HH5 eremuetako bi patioak elkartu eta unifikatu egingo dira, espazioen arteko jarraitasuna, irisgarritasuna eta elkarreragina nabarmen hobetuz.

Jolastoki berriaren helburu nagusia hezkuntza-balio berrietan oinarritutako gunea eskaintzea da: genero-berdintasuna sustatzea, adin ezberdinetako ikasleei egokitutako eskaintza bermatzea eta natura, aniztasuna, sormena nahiz autonomia erdigunean jartzea.

2025eko udan Haur Hezkuntzako lehen eraldaketa-lanak burutu ondoren, aste honetan abiatutako Bigarren Fasean Kimubat enpresa arduratuko da eraikuntza eta paisajismo lanez, TEO Arkitektura lantaldeak diseinatutako exekuzio-proiektuari jarraituz.

Zurezko egitura berriaz gain, HH5 eremuan harmailak, parterre berriak, zurezko akaberak, drainatze-sistema aurreratuak eta eremu berde berriak jarriko dira.