2026·06·29
Idiazabal gaztaren herria lemapean, uda honetarako prestatu duten turismo eskaintza aurkeztute du gaur Idiazabalgo Udalak eta Idiazabal Gaztaren Interpretazio Zentroak. Izan ere, gaztagintza izango da eskaintza horren ardatzetako bat, Donejakue Bidearekin batera. Idiazabal Gaztaren Interpretazio Zentroaz gain, herriko bi gaztandegi bisitatzeko aukera izango da, batetik. Bestalde, Donejakue Bideak Idiazabalen barrena egiten duen ibilbidea ezagutu ahal izango da. Eta horrekin lotuta, Erromes Bankua jarri da, bai fisikoki, Gurutzetako ermitan, eta baita modu digitalean ere.
Uztailarekin batera hasi eta irailaren 15era arte iraungo du udako kanpainak. Epe horretan, Idiazabal Gaztaren Interpretazio Zentroak egunero zabalduko ditu ateak, 11:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 18:30era. Egunero lau bisita gidatu eskainiko ditu: 11:00etan, 12:15ean, 16:00etan eta 17:15ean, hain zuzen ere. Museoko bisitaz gain, gazta dastatzeko aukera ere izango da bertan. Informazio gehiago jasotzeko edo erreserba egiteko, 943 18 82 03 telefono zenbakira deitu, info@idiazabalturismo.com posta helbidera idatzi, edo www.idiazabalturismo.com webguneko erreserben atalean sar daiteke.
Gaztandegietara bisitak
Udako turismo eskaintza honetan gaztak toki berezia dauka. Hala, herriko bi gaztandegi bisitatzeko aukera izango da aurten ere:
o Aranburu gaztandegia: Egunero egingo dituzte bisita gidatuak, astelehenetik ostiralera 10:30ean, eta asteburuetan 11:00etan. Gazta nola egiten duten azaltzeaz gain, bertako gazta probatzeko aukera ere izango da. Gazta egiteko tailerrak ere eskaintzen dituzte. Helduek 12 euro ordaindu beharko dute, eta umeek (5-16 urte artekoak) 6 euro. Informazioa jaso edo erreserba egiteko 649 65 59 62 (Olatz) telefono zenbakira deitu edo www.quesosaranburu.com webgunean sartu.
o Gaztainaditxulo: Bi egun jarri dituzte bisitetarako: abuztuaren 8a eta 22a. Bi orduko bisita izango da, 11:00etan hasita. Ukuilua eta gazta egiteko prozesua ezagutu eta ondoren bertako gaztak dastatzeko aukera izango dute bisitariek. Helduentzako prezioa 15 eurokoa da, eta umeena (4-12 urte artekoena) berriz, 7 eurokoa. Erreserba egiteko 618 72 14 73 (Ander) telefono zenbakira deitu behar da.
Erromes Bankua
Idiazabalek lotura estua izan du Donejakue Bidearekin; horren adibide dira San Migel elizan nahiz herriko ermitetan dauden hainbat eta hainbat sinbolo. Barnealdeko euskal bidean kokatuta dago, Tolosa eta Zegama uztartzen dituen etapan, eta Santiago de Compostelatik 665 kilometrora.
Idiazabalera Olaberritik barrena sartzen da Donejakue Bidea, harrizko kaltzada jarraituz, Gurutzetako ermitara iritsi arte. Hain zuzen ere, puntu horretan kokatu da Erromes Bankua. Bidean gelditzeko eserleku soila baino gehiago, atsedenerako elementu jasangarri eta interaktiboa da banku hau, Donejakue Bideari lotua. Bankuak gezi baten forma dauka, eta gezi hori, erromesen helmugara, Santiagora begira dago.
Bankuak QR kode bat du, ibiltariek eskaneatu eta informazio turistiko eta praktikoa denbora errealean jasotzeko. Hala, Idiazabaldik pasatzen diren erromesek herriaren inguruko informazioa jaso ahal izango dute sakelakoan: bisitatzeko interesguneak, indarrak hartzeko taberna eta jatetxeak, gaztandegiak... Bestalde, gerturatzen diren erromesek Gaztaren Interpretazio Zentroan erosi ahal izango dute kredentziala eta bertan zigilua jarri. Pilarrenea jatetxeak eta Guzta kafetegiak ere zigilua jarriko dute.
‘Donejakue Bidea Idiazabalen’ ibilbide gidatua
Idiazabalek Donejakue Bidearekin duen lotura hori ezagutzeko beste modu bat, uda honetarako antolatu den ‘Donejakue Bidea Idiazabalen’ ibilaldi gidatuan parte hartzea da. Gaztaren Interpretazio Zentrotik abiatuta, Gurutzetako ermitara igoko da oinez eta handik 2 ordu inguruko ibilbidea egingo da, eta San Migel eliza bisitatuko da, besteak beste.
Ibilbide hau uztailaren 10ean eta abuztuaren 23an egin ahal izango da. Gainontzeko ekintzetan bezala, aurrez izena ematea komeni da, 943 18 82 03 telefono zenbakira deituta edo info@idiazabalturismo.com posta elektronikora idatzita.
