2026·06·28
Ekainaren 28a ospakizun, memoria eta aldarrikapen eguna da. Idiazabalgo Udaletik, LGTBIQ+ kolektiboak egindako bidea eta gure gizartearen aniztasuna aitortu eta ikusgarri egin nahi ditugu, eta pertsona askoren eta mugimendu sozialen ahaleginari esker lortutako eskubideak defendatu.
Baina egun honek hausnarketarako tartea ere izan behar du, oraindik ere badirelako egiteko dauden lanak. LGTBIQ+ kolektiboaz multzo gisa hitz egiten badugu ere, errealitate guztiak ez dira baldintza berberen pean bizi.
Badira oraindik ere ikusgarritasun txikiagoa duten identitateak, gorputzak eta sexu-orientazioak. Askotan, gutxiago ulertzen dira eta diskriminazioa jasateko arrisku handiagoa dute. Horien artean daude pertsona transak eta intersexualak, baita emakume lesbianak eta pertsona bisexualak ere. Haien errealitateek oztopo handiagoak izaten dituzte aitortza osoa lortzeko. Egoera hori ez da gizartean bakarrik gertatzen. Inklusio handiagoa egon beharko lukeen espazio eta komunitateetan ere iraun egiten du.
Ezinbestekoa da begirada intersekzionala izatea. Gurutzatzen gaituzten faktoreak askotarikoak dira. Sexu-orientazioa, genero-identitatea edo gorputzak beste egoera batzuekin uztartzen dira sarri: arrazakeriarekin, pobreziarekin, etxerik ez izatearekin, haurtzaroarekin, desgaitasunarekin, aniztasun psikikoarekin edo bestelako bazterketa egoerekin.
Horregatik, Harrotasunaz hitz egiten dugunean, eskubideez ere ari gara. Eta pertsona guztientzako bizi-baldintza duinez. Inork ezkutatu beharrik izango ez duen gizartea eraikitzeaz ari gara. Inork bere burua justifikatu edo beldurrez bizi beharrik izango ez duen gizartea.
Idiazabalgo Udaletik, gure konpromisoa berretsi nahi dugu LGTBIQ+ pertsona guztiekin, bereziki zaurgarritasun handieneko egoeretan bizi direnekin. Lanean jarraituko dugu pertsona guztientzat bidezkoagoa, inklusiboagoa eta anitzagoa izango den gizarte eraikitzeko.
