Pilota partiduak, Mattin Iñiguezen ikus-entzunezko emanaldia eta iraileko Orientazio Raidaren aurkezpena egongo dira, besteak beste

2026·05·28


Urteroko hitzordua izaten da ekaina iristearekin batera Kirol Astea Idiazabalen. Aurten egun bat lehenago hasiko da, maiatzaren 31n, San Adrian pilota jaialdiarekin.  Hona hemen xehetuta egitaraua:

- maiatzak 31, igandea: San Adrian pilota jaialdia, Igarondo pilotalekuan, 16:30ean hasita.

- ekainak 2, asteartea: goizean, 11:00etan, Izalbiraren asteroko irteera egingo dute Plaza Nagusitik abiatuta.

Arratsaldean, Mattin Iñiguezek Red Bull X-Alps: Alpeak alderik alde hegan eta oinez ikus-entzunezkoa eskainiko du udaletxeko Areto Nagusian, 18:30ean. Lasterketa horretan parte hartzea Mattin Iñiguez zegamarraren biziko erronka izan da, eta bizitako momentu ikusgarrienak eta hunkigarrienak partekatuko ditu gurekin Kirol Astearen barruan. 

- ekainak 3, asteazkena: irailean Idiazabalen jokatuko den Orientazio Raidaren aurkezpena egingo dute antolatzaileek udaletxeko Areto Nagusian, 19:00etan. Aurretik, 17:00etan, haurrei zuzendutako orientazio saioa egingo da, udaletxean hasita. 

-  ekainak 5, ostirala: haurrentzako mendiko bizikletako ikastaroa egingo da, bi taldetan banaturik. 17:00etan LH1-3 mailakoen txanda izango da eta 18:00etan LH4-6 mailakoena. Eskolako patioan elkartuko dira eta ondoren pump track-era joango dira. Izena emateko kultura@idiazabal.eus helbidera idatzi behar da. 

Ostiralean ere Atxurbide elkartearen 50. urtemugako pala partida jokatuko da Igarondo pilotalekuan, 19:00etan hasita. Bi bikote lehiatuko dira: Unanue-Etxeberria eta Ormazabal-Muñoa.

- ekainak 7, igandean: Emakumezkoen IV. Frontenis Topaketa egingo da Igarondo pilotalekuan, 10:00etatik aurrera.