2026·05·21
Gurutze Berri auzoaren 60. urtemugarekin bat eginez, Idiazabalgo Udalak auzoa eraberritzeko eta berrurbanizatzeko lanak egin ditu. Iñaki Alberdi alkateak azaldu duenez, “udalaren azken urteetako proiekturik garrantzitsuena” izan da; guztira, bi milioi eurotik gorako aurrekontua izan du, eta lanek bi urtetik gora iraun dute. Alkateak azpimarratu du “azpiegitura guztiak” berritu dira, eta lan hauekin “auzoa biziberritu eta egungo estandarretara egokitu” nahi izan dutela.
2023ko irailean hasi ziren berrurbanizatze lanak. Auzoko azpiegiturak berritu dira, hala nola hoditeria eta kableatuak, argiteria guztia LED sistemara egokitu da eta kaleen asfaltoa eta espaloiak berritu dira. “Irisgarritasuna hobetu da auzoko pasabide guztietan, eta oinezkoei lehentasuna eman zaie eremu osoan”. Horrekin batera, zenbait berdegune berri egin dira, eta jolas parke berria ere egin da, estalpe eta guzti.
Lan horien guztien kostua, 2,2 milioi eurokoa izan da. Aipatu behar da, kopuru horren zati handi bat, erdia ia, erakunde ezberdinetatik lortutako dirulaguntzen bidez finantzatu dela. Hala, Erein-en dirulaguntzetatik 830.800 euro jaso dira, eta Gipuzkoako Urak erakundeak beste 171.000 euro jarri ditu. Gainontzekoa, 1.220.000 euro, udalak hartu ditu bere gain, 520.000 euro fondo propietatik, eta 700.000 mailegu baten bidez.
Behin lanak bukatuta, irekiera ekitaldia egin da, auzotarrekin batera. Jesusa Agirre auzotarrak moztu du, alkatearekin batera, inaugurazioko zinta, dantzarien agurraren ondoren. Segidan, txistulariek lagunduta, kalejira egin dute auzoan barrena. Eta mokadu edo pintxo batzuekin bukatu da ekitaldia.
Historiadun auzoa
Gurutze Berri auzoa herri ekimenez sortu zen 60ko hamarkadan, 1964 eta 1965 urteen artean, hain zuzen ere. Industrializazio garai betean, eta herrian zegoen etxebizitza beharra ikusita, hainbat herritar elkartu eta kooperatiba sortu zuten. Hasieran 22 bazkide ziren, eta azkenean 36 elkartu ziren. Sei eraikin egin zituzten guztira, eta etxebizitzez gain, jolaslekua eta baratzeak ere egin zituzten, eta baita gerora aktibitate handia izan duen Guraso Elkartea ere, zinema, dantza eta kultur aktibitateetarako areto eta guzti.
