Euskal Herriko landa-eremuko bost pertsona querren bizipenak, hausnarketak eta sentsazioak biltzen ditu "Xerka" fotokazetaritza proiektuak, eta LGTBIQ+ komunitateak herrietan bizi duen erbesteratze prozesu isila lantzen du.

2026·05·05


Martxel Larraza eta Joseba Olagarai kazetariek Xerka hitzaldia emango dute Idiazabalen, datorren ostegunean, 19:00etan, udaletxeko Areto Nagusian. Eurekin batera, Naia Blazquez eta Xabier Puy herritarrek ere bere lekukotza eskainiko dute. Solasaldiaren ondoren, datorren ostegunera arte, argazki-erakusketa ikusgai egongo da udaletxean.

Hitzaldian, hainbat lurralde, jatorri eta adinetako bost pertsona disidenteren nortasunak eta bizi-esperientziak ezagutaraziko dituzte. Ekimenak, hain zuzen, helburu du mezu positibo bat transmititzea: euskal landa-eremuan posible dela queer izatea eta herrian bizitzea, euskaraz. Izan ere, sexilioa deitzen zaio sexu-orientazioa edo genero-identitatea dela-eta jasandako zapalkuntzarengatik euren familia eta gizarte-ingurunetik hiriguneetara ihes egiten duten LGTBIQ+ pertsonen migrazio behartuari.

Xerka Martxel Larrazak 2023an ondutako fotokazetaritza proiektua da, urtebete beranduago komunikazioko GRALen III. BERRIA sariketan saritu zutena. Paisaiaren eta erretratuaren genero klasikoak uztartuz eta hainbat teknika eta estilo fotografiko baliatuz, subjektuaren eta haren ingurunearen arteko dialektika poetikoa proposatzen dute argazkiek, gatazkatsua bezain harmoniatsua izan daitekeen harremanaren inguruan.