2026·04·23
Maiatzaren 2an eta 3an Gazta Azoka ospatuko da Idiazabalen. Aurten ere, asteburu osoko egitaraua antolatu da, eta azokaz gain, gazta dastaketa, txapelketa herrikoia, sukaldaritzako saioak, erakustaldiak eta adin guztietarako animazioak izango dira, besteak beste. Idiazabalgo azokak “denboraldiko gazta berria dastatzeko lehen aukeretako bat” eskaintzen duela gogorarazi du Iñaki Alberdi Idiazabalgo alkateak. Eta Euskal Herriko Artzai gazta, behi eta ahuntz gazta ezberdinez gain, “atzerrikoak probatzeko aukera ere izango da, European Cheese Routeko kideak ere hemen izango dira-eta”. Azokarekin batera, mami txapelketa eta tailerra izango direla gogorarazi du Alberdik, baita Artzai-gaztaren dastaketa herrikoia ere.
Azokan ohikoa da European Cheese Route elkarteko gaztak edari batekin ezkontzeko jarduera. Aurten, sakearekin, Japoniako edari tradizionalalekin, uztartuko da, eta Javier Sanchez Garcia European Cheese Routeko idazkari teknikoak gidatuko du saioa larunbat goizean. Arratsaldean, Iker Markinez (Kaxola) y Ane Lore Lasa (R Jatetxea) sukaldariek show cooking-a eskainiko dute eta Aritz Ganboak artzaintzaren sekretuak azalduko ditu ibilaldi gidatu baten bidez. Halaber, Eli Alberdi artisauak (Makabra) ardi latxaren larrua ontzeko tailerra eskainiko du.
Igandean gazta txapelketa herrikoiaren txanda izango da, artaldea herritik pasako da eta ondoren ilea mozteko erakustaldia izango da, besteak beste. Azokari itxiera emateko sari banaketaren aurretik, Elosiaga gaztandegiak omenaldia jasoko du.
Azahara Domínguez Gipuzkoako Diputazioko Mugikortasuneko, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatuak azpimarratu duenez, Idiazabalgoa bezalako azokek "pedagogia egiteko aukera ematen dute, gazta bakoitzaren, artzain bakoitzaren eta ustiategi bakoitzaren atzean dagoen lan eskerga jendeari hurbiltzeko. Tokikoaren balioa aitortzen du eta tradizio hori bizirik mantentzen dutenen ahalegin isila ikusarazten du. Izan ere, produktu bakar batez gozatu nahi badugu, atzean dagoen lan guztia ulertu eta aitortu behar dugu". Azokara hurbiltzen den pertsona orok "Gipuzkoa zer den lehen pertsonan ezagutzeko eta sentitzeko" aukera izango duela adierazi du, eta Idiazabalera garraio publikoan hurbiltzera gonbidatu du hitzordu horretaz gozatzeko.
Azoka hau 1998. urtean egin zen aurrenekoz, eta Euskal Herriko artzainek egindako gazta sustatzea du helburu, gaztagintzaren atzean dagoen lana eta kultura babestuz eta balioan jarriz. Azken urteetan, euskal gaztak ez ezik, European Cheese Route (Europako Gaztaren Ibilbidea) osatzen duten nazioarteko gaztagileak ere izango dira bertan. Aurten 7 izango dira guztira (iaz baino bat gehiago) eta horietatik hiru, aurrenekoz izango dira Idiazabalen: Queixeira Prestes eta Gaia Gourmet, biak Galiziakoak, eta El Señorío de Monesterio (Badajoz, Espainia). Horiekin batera, Doña Francisca (Casar de Caceres), La Covacha (Villaluenga del Rosario, Cadiz), Quesos Felix (Serrada, Valladolid) eta S’Arangui (Mao, Menorca) ere etorriko dira. Iaz bezala, aurten ere azokan postua jarriko du elkarteak, eta bertan gazta dastaketa interaktiboak egiteko aukera izango da larunbatean eta igandean.
Azokaren ordutegia honako hau izango da: larunbatean, 11:00-14:30 eta 18:30-20:30; igandean, 10:00-14:00.
Aurtengo omendua: Elosiaga gaztandegia
Gazta Azokak urtero artzaintzarekin eta gaztagintzarekin lotutako norbait omentzen du. Aurten, Azpeitiako Elosiaga gaztandegiaren ibilbideak jasoko du aitortza hori, artzaintzaren eta gaztagintzaren arloan familia proiektu bat eta belaunaldien arteko erreleboa ezinhobeto ordezkatzen dutelako. Elosiaga auzoko Urretatxiki baserrian ekin zioten Abel Segurolak eta Ana Azkuek gaztandegiaren proiektuari, duela bi hamarkada baina gehiago. Abel iazko ekainean hil zen, baina familia proiektuak aurrera jarraitzen du. Gaur egun bere emazteak, Anak eta seme-alabek, Anderrek eta Amaiak jarraitzen dute. Urteek aurrera egin ahala eta aitaren irakaspenei jarraituz, Latxa artaldea zaintzen dute eta gazta ekoizten dute, neguan Azpeitian eta udan mendian, Beltzulegi txabolan, Aralarko Txindoki mendiaren magalean.
Herria ezagutzeko bi bisita gidatu
Azokaz gain, bisitariek herria hobeto ezagutzeko aukera ere izango dute, Gaztaren Interpretazio Zentroak antolatu dituen bi bisita gidaturekin. Ostiralean, 17:15ean, 'Xarma duen herria' ibilaldi gidatua egingo dute, eta igandean, 11:15ean, ‘San Migel elizaren sekretuak’ ezagutzeko aukera izango da.
Ostiralean, pilota jaialdia
Azoka girotzeko, pilota jaialdia antolatu da ostiral arratsalderako. Buruz buruko Serie B txapelketako final laurdenetako partida jokatuko da Igarondo pilotalekuan Egiguren V eta Alberdi II pilotarien artean. Aurretik, Murua-Rezusta / Amiano-Albisu binakako partida jokatuko da. 17:15ean hasita, Igarondo pilotalekuan. Sarrerak online eta egunean bertan erosi ahal izango dira 30 euroan.
