Iaz Idiazabalgo herritarren %47k aukeratu zuten errenta aitorpena euskaraz egitea

2026·03·30


Herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi dute UEMAk eta hainbat erakunde publikok, elkarlanean. Idiazabalgo Udalak bat egin du kanpainarekin eta errenta aitorpena euskaraz egitera animatu nahi ditu herritarrak. Iaz idiazabaldarren %47k egin zuten errenta aitorpena euskaraz.

Lurralde bakoitzeko foru ogasunaren arabera datak, webguneak, telefonoak eta gainerakoak aldatzen diren arren, moduak antzekoak dira kasu guztietan, eta horietan euskararen aldeko hautua egitea da aurten ere kanpaina honekin UEMAk eta udalek lortu nahi dutena. Errenta euskaraz egiten duen herritarren kopurua gorantz ari da urtez urte, baina oraindik ere errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dago, eta horretan eragin nahi dute kanpaina honekin, herritarrei administrazioarekin ere euskaraz aritzeko deia eginez.