Jarduerak

JARDUERAK

Idiazabalgo udalerriko hiri-lurzoruaren %68,5ekoa industria-erabilerarako lurzorua da eta %6,1ekoa bide-sarea da.

Ingurumen prebentzio-printzipioan oinarrituta, Idiazabalgo Udalak Eusko Jaurlaritzari neurri zuzentzailearen txostena eskatzen dio (espedientea IKS-Seem- edo Ingurunet-bidez izapidetu ondoren), ingurumen-eraginak murrizteko, lizentzia behar duten jarduera sailkatuen kasuetan.

Aurretiazko jakinarazpena behar duten jarduera sailkatuen kasuan, udal txosten teknikoak aztertzen du ingurumen inpaktua.

Jarduera eta instalazio sailkatuak martxan jarri, handitu edo zaharberritu zein lanak egin aurretik, lizentzia administratiboen edo aldez aurreko jakinarazpenaren araubidea bete beharko dute ezinbestean,

***Otsailaren 27ko 3/1998 Legearen II.A) ERANSKINEAN jasotzen da «Jarduera-lizentzia behar duten jarduera edo instalazio sailkatuen zerrenda»:

1.– Erauzketa-jarduerak.

2.– Instalazio nuklearrak eta erradiaktiboak.

3.– 100 kW-etik gorako potentzia instalatua duten argindarra ekoizteko instalazioak.

4.– Industriak, oro har.

5.– Azaleraren tratamenduak, pistola bidezko bernizatze- eta pintatze-lanak edo antzekoak egiten dituzten tailerrak; bai eta motordun ibilgailuak mantentzeko eta konpontzeko lanak eta antzeko lanak egiten dituzten tailerrak ere.

6.– Hainbat tailer eta lantegi (aroztegiak, galdaragintza-tailerrak, muntaia-tailerrak, mekanizaziokoak, okindegiak, gozotegiak, cateringak...), baldin eta instalatutako potentzia totala (mekanikoa eta elektrikoa, argiarena kenduta) 25 kW-ekoa edo handiagoa bada eta ekoizpenerako azalera 300 m2-tik gorakoa bada.

7.– Biltegiratzeko, salerosketarako eta erakusketarako jarduerak eta instalazioak, toxiko, arriskutsu edo sugarri gisa katalogatuta dauden produktu eta materialak baldin badituzte (500 kg-tik gora, bizitegirako hiri-lurzoruan, edo 1.000 kg-tik gora, gainerako lurzoruetan).

8.– Gasolina-zerbitzuguneak eta hornitegiak, eta erregai likidoak edota gaseosoak banatzeko instalazioak edo antzeko instalazioak.

9.– Edozein motatako lurzoruan kokatutako erregai likido eta gaseosoak biltzeko instalazioak, 50.000 litrotik gora badute.

10.– Hondakinak bildu, berreskuratu eta deuseztatzeko instalazioak.

11.– 500.000 m3 baino gehiagoko lekua daukaten lur eta harkaitzen betelanak, urtebete baino gehiago irauten badute; azpiegitura linealetarako obrei lotutakoak izan ezik.

12.– Hondakin-urak arazteko instalazioak eta edateko ura tratatzeko instalazioak.

13.– Arrain-haztegiak.

14.– Abere-hiltegiak.

15.– Dantza-sala, dantzaleku, klub, diskoteka, disko-bar, karaoke, pub edo antzeko establezimenduak.

16.– Ostalaritza-establezimenduak, jatetxeak eta jendaurreko ikuskizunetarako eta jolas-jardueretarako beste establezimendu batzuk, baldin eta, betiere, honako baldintza hauetakoren bat betetzen badute:

– 300 lagun edo gehiagorentzako tokia izatea.

– Lau ohmeko karga estandarrerako 50 wattetik gorako potentzia eraginkorra duen musika-ekipoa izatea.

17.– 20 ALU (azienda larri unitateak) baino gehiagoko abeltzaintzako ustiategiak eta etxeko eskortak, edo ustiategi baliokideak, irailaren 22ko 515/2009 Dekretuaren 3. artikuluko a) idatz-zatian agertzen diren proportzioen arabera, edo horren ordez aterako den araudiaren arabera; txakur-zaindegiak (hazkuntza eta hezkuntza), 25 txakur baino gehiago hartzeko lekua badute; denak ere, baldin eta lurzoru ez urbanizagarrian edo industriarako hiri-lurzoruan badaude.

18.– Etxeko abeltzaintza-jarduerak, alegia, 4 ALU (azienda larri unitateak) baino gehiago dituzten instalazioak, eta txakur-zaindegiak, den-denak, bizitegirako hiri-lurzoruan baldin badaude.

19.– Errauste-labeak.

20.– Legearen 55. artikuluak xedatzen duenaren arabera, osasunean eta ingurumenean antzeko eragina daukaten beste jarduerak.

 

***Otsailaren 27ko 3/1998 Legearen II. B ERANSKINEAN jasotzen da «Jardueraren aldez aurreko jakinarazpena bete behar duten jarduera eta instalazio sailkatuen zerrenda»:

1.– Argindarra ekoizteko instalazioak edo energia berriztagarriak argindar bihurtzeko hartze- eta eraldatze-instalazioak, potentzia instalatua 50 kW-etik gorakoa eta 100 kW-ekoa edo baxuagoa baldin badute.

2.– Hainbat tailer eta lantegi (aroztegiak, galdaragintza-tailerrak, muntaia-tailerrak, mekanizaziokoak, okindegiak, gozotegiak, cateringak...), baldin eta instalatutako potentzia totala (mekanikoa edota elektrikoa, argiarena kenduta) 25 kW baino txikiagoa bada eta ekoizpenerako azalera ez bada 300 m2-tik gorakoa; hortik kanpo geratzen dira gainazalaren tratamendua, bernizatze-lana, pistola bidezko pintatze-lana edo halakoak egiten dituzten tailerrak, eranskin honetako A) atalean baitaude sartuta.

3.– A eranskineko 7. puntuan sartzen ez diren biltegiratze-, salerosketa- eta erakusketa-jarduerak eta -instalazioak.

4.– Erregai likidoak edo gaseosoak biltzeko instalazioak, 50.000 litrotik beherako edukia dutenak, gasolindegi batean, hornitegi-parke batean, banatze-instalazio batean edo horren pareko instalazio batean daudenak izan ezik.

5.– Ibilgailuak zaintzeko lekuak.

6.– Zenbait zerbitzu-jarduera: haurtzaindegiak, ikastetxeak, osasun-zentroak eta botikak, albaitaritza-klinikak, polizia-etxeak eta segurtasun-zentroak, bulegoak, ile-apaindegiak, masaje-etxeak eta hiltegi-zerbitzuak.

7.– Hotelak eta erresidentzia komunitarioak, edadetuen egoitzak, ostatuak eta halako etxeak.

8.– Jarduera sailkatuetarako aurretiazko lizentziaren menpe ez dauden ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduak eta jendaurreko ikuskizunak edo jolas-jarduerak ematen dituztenak.

9.– Eranskin honetako A) atalean sartu gabe dauden abeltzaintza-ustiategi txikiak eta etxeko eskortak.

10.– Eraldaketa-zentroak.

11.– Informazioa tratatu eta komunikatzeko zentroak (kalkulu-zentroak, datu-bankuak, irrati-errepikagailuak eta telebista-errepikagailuak, satelite bidezko errepikagailuak, telefonia mugikorreko antenak eta oinarri-estazioak, irrati-telefonoko estazioak eta estazio irrati-telegrafokoak, irrati-igorgailuak, telebista-igorgailuak eta alarmak kontrolatzeko zentralak) eta antzekoak.

12.– Instalazio osagarriak:

12.1.– Galdara-gelak.

12.2.– Airea girotzeko instalazioak.

12.3.– Kamera hozkailuen instalazioak.

12.4.– Erradio-diagnosi medikoa egiteko instalazioak; alegia, ezartzekoa den erregelamenduaren arabera, diagnosi medikoak egiteko helburua daukaten X izpien ekipoak eta instalazioak.

13.– Errauste-laberik gabeko hilerri eta tanatorioak.

14.– Lege honen 55. artikuluak xedatzen duenaren arabera, osasunean eta ingurumenean antzeko eragina daukaten beste jarduerak