Turismo ibilbideak
HERRIGUNEA ETA INGURUA EZAGUTZEKO
• Idiazabal ordubetean
Idiazabal izan dena eta gaurko egunean dena ezagutu nahi duenarentzat ezinbestekoa. Herriko monumentu, bilgune eta zerbitzu nagusiak ikustearekin batera, parke edo egonlekuren batean, patxadan, atsedenaldi bat hartuz egitekoa.
Plazatik (Udaletxea) abiatu eta Gernikako Arbolaren parke txikitik igaroz, goi aldeko palazioetaraino joan: Jauregialzorenea, Pilarrenea eta Bere Naia.
Gero, beherakoan, Muxikarene ondoko hilarria ikusiz, Zelaako etxearen paretik, A.Iparragirre eskola eta kiroldegia alde batean utziz, Kalbarioko ermitarantz jo.
Artzainaren monumenturaino iritsi eta Mikel goiaingeruaren plaza eta eliza bisitatu. Gero, Txomenarene ondotik pasatuz, Kale Nagusian sartu. Torre eta Mediku Etxearen artetik pasatuz, aurrera segi eta Toki Eder palazioa goian dela, Maugiako jauregiraino joan; plaza aldera itzuli beheko bidetik; Igarondo ondoan pilotalekua, igerilekua eta kultur etxea ikusiz, plazan bukatu.
• Santamariekerako muinoetan barrena, Olaberrira
Idiazabalgo baserri aldea zer izan den eta zer den arnasteko, ordu pare bateko begiratu-ibilian, konturatu gabe egitekoa.
Eliza ondotik Gurutzetara doan bidea hartu; Otazabalgo kanposantuaren ondotik pasatu eta, Gurutzetako baserrira iritsitakoan, Albitsu eta Antiara doan bidea hartu, Gorrotxategiren oilategia alboan utziz. Gurutzetako ermita.
Gurutzetako ermitara iristeko, nahi bada, Kale Nagusian behera joan eta Ondramuñora jo liteke; hango gaztandegitik igaroz, segi Gurutzetako ermitaraino.
Gurutzetako ermitaren ondotik, Antiatik behera doan estrada zaharrean sartu beherantz. Artsugaratseko zubia igaroz, Nafarrasagasti aldera igo. Oiarbideko jauregiraino jarraitu eta, handik, zuzenean Olaberrira.
• Urbizuko gaineko ikusmiran: Idiazabaldik Goierri osora salto.
Ordu pare batean, Idiazabalgo –eta Goierri osoko- ibar eta mendiak usaintzeko.
Plazatik abiatu, beheko bidea hartu. Maugia eta Kalbario behekoa ikusiz, Katea eta Mandiolatza ondotik, Urbizura igo (hilarria Urbizu erdikoan). Zelandietaraino joan eta Arimasagastira jaitsi. Bueltakoan, San Ignazioren ermita eta Oria Errotea bisitatu; gero, berriro ere, beheko bidetik itzuli kalera.
• Urtsuaran: bestelako mundu bat bizi behar dugulako.
Urtsuaran errekaren sorbururantz, ordu pare batean kaleko estuasuna eta presa ahaztuta ibiltzeko; eta berpizteko.
Olatik abiatu. Santa Engraziaren elizaraino joan eta, aurrerago, Goikoetxealde ikusiko dugu. Aurrera segitu Lizardiraino. Itzulera bide beretik egin Goikoetxealderaino. Handik Bustarolatzara igo eta Pagoeta paretik jaitsi Elizaldera aurrena eta handik Olara berriro.
MENDI GOIETAN
Inguru guztian du mendia Idiazabalek. Zenbait lekutan pinudi izango da, baina ez da falta bestelako arbolen baso ederrik ere (pagadiak, hariztiak...). Hona proposamen batzuk:
• Irumugaeta: baserri aldea goi aldeko larreekin lotuz.
Baserri munduak eta goi mendiak bat egiteko moduko ibilaldia, batetik besterako iraganbidean barrena (bi ordu eta erdi).
Oiarbideko jauretxetik Koskariztira igo eta, langa igaroz, herri lurretako larreetan sartu. Irumugaetako gaina (Andraelorriaga) harrapatu arte. Isurialdeen banalerrotik jaitsiz, Arantzazumendira iritsitakoan, hango erreka ondoko bidea hartu Nafarrasagastiraino. Gero, Oiarbidera joan berriz.
• Atxurbideko gainera, Aralar eta Aizkorriren artean zubi.
Goierriko bi mendialde nagusien ikusmira aparta (hiru orduko ibilaldia)
Goatsetik gora doan pista hartu eta bukatu arte jarraitu, Artegietako gaineraino. Handik, herri lurretan barrena, ezkerrera jo eta Ataun mugari lotuz, Dorronsoroko gaineraino joan. Arantzazumendiko lepora jaitsi zuzen samar eta Korta aldera doan Arantzazumendi errekari segitu. Kilometro bat egindakoan, erreka zeharkatu eta ezkerraldeko bidetik jaitsi errekaren ibilgua galdu gabe. Lizarribia baino lehentxeagoko bidegurutzean, ezkerrekoa hartu eta Arkurutzeko hilarria ikusi. Aurrera jarraituz, Añaegitik behera Ariztizabala jaisten da eta, Gorrotxategiren oilategien ondotik, herriraino Otazabalgo bidetik.
• Idiazabaldik Urtsuarana, Santa Barbararen magaletik.
Oraingo kaminoak egin baino lehen, estrada zaharrak ibiltaria nondik nora eramaten zuen konturatzeko (bi orduko ibilaldia).
Zelaa ondotik, Lobioko aldapan gora begiralekuraino igo. Aurrera eginez, Agirreko Santa Isabelen ermitaren albotik, bideari jarraitu Iruingoeneraino. Santa Barbara magaleko pista hartu eta, Segura muga ondotik, Albitzetako lepora jaitsi; Garna atzetik joanez, gainerari eutsi Zorroztarriko tumulura iritsi arte. Urtsuarango bailara osoa ikusgai dela, Etxeberri eta Pagoetatik Urtsuaranaino jaitsi.
Itzultzeko, kaminoa hartu eta, Ola paretik pasatu eta gero, Olaberrietan, zubitxoa igaro eta ezkerreko bidea hartu; Segurako galtzada zaharra da. Landerregi parean, Iruingoenera jaitsi eta hasierako bidetik itzuli herrira.
• Etxegaratetik Idiazabala, urruti dagoena gertuko bihurtuz.
Hiru bat orduan, Idiazabalgo barrutiaren zati handi bat hegotik iparrera zeharkatuz.
Etxegaratetik gora, Unanibiara heldu (Unanabiko tumulua). Aitsuren magaleko bidexkan barrena, Nafarrolatzako iturri ondotik igaroz, Ormaolatzako gurutzeraino jaitsi. Handik, Ataun mugari eutsiz, Dorronsoro gaina harrapatu eta, jarraituz, Oregirantz jaitsi. Goatseraino ere jaitsi eta Idiazabalgo kalera heldu, azkenik.
• Gainik gain, trikuharriz trikuharri.
Idiazabalgo mugapeko mendirik altuenetan, giza ukitu handirik gabeko parajeak bertatik bertara (bi ordu eta erdi).
Etxegaratetik gora, Balankalekuko trikuharrietaraino joan lehendabizi. Nafarroa mugari jarraituz, gainera hartu eta iparraldera jo, isurialdeen banalerroan zehar, Ataun mugan. Gipuzkoako pagadi zabalenetako bat da mendi hauetakoa.
Atxu eta Praalatako trikuharrietara iritsitakoan atzera egin eta Unanibiara jaitsi hango tumuluraino. Bukatzeko, Etxegarateraino jarraitu; han, kaminoaren beste aldean, joan eta berehalaxe dagoen beste trikuharri bat ere ikusgai.
• Partzoneriako lurren mugan.
Etxegaratetik hara, Idiazabal eta inguruko herrien lur komunalak daude; natur ingurune aparta, Aizkorriko Parke Naturalean sartuko dena. Artzain eta basomutilen lurraldea, inondik ere.
Etxegaraten bertan hasita, Alai jatetxearen atzetik abiatu; Arlepoko gaintxoa igaro eta gero, Larrazkondo magaleko pistari jarraitu Aitxorrotxagako haitza eta Urtsuarango bailara osoa ikusi arte. Nagirizpeko leporaino jarraitu eta Partzoneriako lurretan barneratu, Ojaola errekaren bidean.
Gazteluberriko haitzen parean gora igo haien oinera (aukera dago goraino igotzeko). Gero, ezkerrera hartu eta Aberetako zabaleraino iritsi. Zuzen jarraituz, Larrazkondoko gain ikusgarrira heltzen da eta lehenagoko Telegrafo Torrea zegoen gaintxotik behera, abiapuntura itzuli.