Berriak
Atzealdea

Liburuaren Eguna ospatzeko zenbait ekitaldi antolatu ditu Udalak

Asisko Urmenetak eta Nerea Ibarzabalek solasaldi bana eskainiko dute eta liburuak zozketatuko dira

2023·04·20


Datorren igandean, apirilak 23, ospatuko da Liburuaren Nazioarteko Eguna, eta horren harira, urtero bezala, zenbait ekitaldi antolatu ditu Idiazabalgo Udalak. Egitarau honekin irakurzaletasuna sustatu eta herritarrak euskal idazleengana gerturatu eta haien obra ezagutarazi nahi du Udalak. Asisko Urmeneta komikilariak emango dio hasiera egitarauari, Amaiur! Libera State liburuaren gainean eskainiko duen solasaldi ilustratuarekin. Lan horretan 500 urte atzera egin du Urmenetak, Amaiurko "konkista-gerlaren kronologia eta okupazioaren makineria, baita inbasioaren kontrako erresistentzia epikoa ere" aztertzeko. Horretarako dokumentazio ugari erabili du egile nafarrak, eta orain "Herriari eskaini" nahi dio, "baliagarri izanen zaiolakoan". Aiacciuko (Kortsika) Nazioarteko BD Festibalean, Historia saria jaso zuen Amaiur! Libera State komiki-albumak. Urmenetaren hitzaldia apirilaren 24an izango da, 18:30ean, udaleko Areto Nagusian.

Hurrengo hitzordua maiatzaren 15ean izango da, hau ere Areto Nagusian. Idiazabalgo Irakurle Taldeak Nerea Ibarzabal izango du gonbidatu Bar Gloria liburuaz (Susa, 2022) hitz egiteko. Ibarzabalen lehen nobela da Bar Gloria eta oso iritzi onak jasotzen ari da. Argitaletxearen arabera, "mundu bat kabitzen da Gloria tabernako azuleju gorri eta gainazal koipetsuen artean, eta denboraren ate ezberdinetatik sartuko da irakurlea bertara kontakizun honetan. Jendea da haren zimendu, eta konplizitate uneek, isilsutako bortxa-markek, lanordu konpartituek zein elkarrizketa tarteka mutuek epeldu bezala erreko dituzte habe hoiek, beste batzuk eraikitzeko, akaso". Ohi bezala, Irakurle Taldearen saioa irekia izango da bertaratu nahi duen herritar ororentzat.

Azkenik, apirilean zehar herriko liburutegian libururen bat maileguan hartu dutenen artean liburuen zozketa egingo da. Maiatzaren 2an izango da zozketa eta ondoren saridunen berri emango du Udalak ohiko bideetatik.