Berriak
Atzealdea

'Intxaurra' antzezlana taularatuko dute larunbatean Guraso Elkartean

UEMAk antolaturiko Arnasguneak beka irabazi zuen Mairu antzerki tailerraren lanak

2023·02·06


Lesakako Mairu antzerki tailerrak Intxaurra antzezlana taularatuko du datorren larunbatean, hilak 11, Guraso Elkartean. Emanaldia 19:00etan hasiko da eta sarrera doan izango da.

Lan honek UEMAko Arnasa Gara egitasmoaren Arnasguneak antzerki-beka irabazi zuen eta iaz estreinatu zuten Azpeitian. Geroztik, udalerri euskaldunen mankomunitatea osatzen duten herrietan ari dira taularatzen, eta larunbat honetan Idiazabalen txanda izango da.

Gaixorik dagoen intxaurrondoaren iruditik abiatuta, enborra biziberritzearen beharra islatzen du Intxaurra antzezlanak, gainerako adarrek ere osasuntsu iraun dezaten. Horrela, euskararen arnasgune diren herrien ezaugarriak, kezkak, mugak, iragana eta etorkizuna agertuko dira istorioan barrena. Mairu antzerki tailerreko Gaizka Sarasolak idatzi du testua, eta Manex Fusch aritu da zuzendaritza lanetan. Intxaurra sortzeko arnasguneen gaiak antzerki taldean zer eragiten duen izan dute abiapuntu; zein kezka, zalantza, oroitzapen, irudi, hitz, ideia, metafora… eta osagai horiekin guztiekin ondu dute istorioa. Sarasolaren ustez, Intxaurra ikusten dutenek "aukera izango dura hunkitzeko, irri egiteko edota hausnartzeko".