Berriak
Atzealdea

Lau kamioikada zabor atera dira Goardi Poligonotik

Txukuntze lanak egin berri dira Goardi enpresa poligonoan eta lau kamioikada zabor atera dituzte bertatik, tartean koltxoiak, aparatu elektronikoak, kaleko zaborra...

2022·03·25


Goardi enpresa poligonoan txukuntze lanak egin berri dira. Bertan, bolumen handiko hondakinak kendu, bertako kaleen garbiketa, kimaketa lanak, lorezaintza lanak… egin dituzte. Lau kamioikada zabor atera dituzte garbigunera, tartean koltxoiak, aparatu elektronikoak, kaleko zaborra... Lan hauek egoera zaurgarrian dauden pertsonei zuzendutako programa bati esker egin dira. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Goierriko Garapen Agentziak eta beste hainbat eragilek urte hasieran martxan jarri zuten “lorategiak eta berdeguneak instalatu eta mantentzea” programaren bitartez, egoera zaurgarrian dauden pertsonak gizarteratu eta lanerako dituzten aukerak bermatu nahi dira.

Gauzak horrela, Goierriko hamar pertsonek formakuntza jaso dute. Goierri eskolan oinarrizko konpetentzien ikastaroak gainditu ondoren, lorezaintza ikastaroa gauzatzen ari dira Fraisoro eskolan. Martxoan zehar, lorezaintza arloko praktikak hasi dituzte eskualdeko udaletan; horietako bi Idiazabalgo Udalean daude. Herriko txoko ezberdinen garbiketa, lorezaintza eta txukuntze lanak burutzen ari dira.