Baserritarren Eguna eta Euskal Herriko Artzai Gazta Txapelketa Idiazabalen
2022·09·29
Goizeko 10etan emango zaio irekiera azokari. Herrian zehar, Idiazabalgo baserrietako ganadua ikusgai egongo da, bertako produktuak erosteko aukera egongo da eta baserriko makineriaren erakusketa ere izango da. Gazta erosi eta dastatzeko postuak ere ez dira faltako, eta gazta egite erakustaldia ere egingo dute artzainek. Umeentzako gazta kata berezi bat ere antolatu da. Herri kirol ikustaldiak eta musikak jai giroan murgilduko dute herria.
Igarondo Pilotalekuan, artzainen artaldeko ardi latxaren esne gordinarekin egindako 40 gazta onenak lehiatuko dira. Bertan izango dira Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako herrialdekako lehiaketa bakoitzean sailkatutako 10 gazta onenak.
2022ko Euskal Herriko Artzai Gazta onena aukeratzeaz lau epaimahai arduratuko dira, sukaldari, gaztaren munduan adituek, artzainek eta Idiazabal Jatorri Izendapenaren Kontseilu Arautzaileko dastatzaile ofizialek osatutakoak.
Festa honekin, gure baserritarrak eta artzainak jende guztiarengana hurbiltzeaz gain, hauen atzean dagoen lan eta ahalegin guztiari balioa eman nahi zaio.
Idiazabalgo Udalak, Artzai Gazta Elkarteak, Idiazabal Jatorri Izendapenak eta Baserritarren Elkarteak jende guztia animatu nahi dute Idiazabala hurbildu dadin eta gure lurraldeko produkturik onenak dasta ditzan.
Azokari itxiera emateko, herri bazkaria antolatu da. Arratsaldeko 15:00etatik aurrera, Idiazabalgo Urbizu Berri baserriko txekor errea jateko aukera izango da. Txartelak salgai egongo dira, bihar, hilak 30, ostirala arratsaldetik aurrera Izpar dendan.
Lehiaketa zuzenean jarraitu ahal izango da, streaming bidez, Artzai Gaztaren (www.artzai-gazta.eus) eta Idiazabalgo Udalaren webguneen bidez (www.idiazabal.eus). Eta www.berria.eus webgunean.
Goierri Telebistan eta www.gitb.eus webgunearen bidez ere zuzenean emango da.