Berriak
Atzealdea

Azaroaren 25eko adierazpena

Indarkeria matxisten aurkako Nazioarteko Eguna

2022·11·24


2003tik aurrera, emakumeonganako indarkeriari buruzko datuak jasotzen hasi zirenetik, 115 emakume eta 11 haur erailak izan dira Euskal Herrian. Zenbaki onartezin honen atzean izenak eta izanak daude. Erauzitako bizi proiektuak.

 

Urte luze hauetako lana izan da Indarkeriari maskara kentzea. Ez da lau zororen kontua. Sistema patriarkal sendo baten ondorioa baizik. Indarkeria matxistei buruz egindako makro-inkestak datu larria mahai-gaineratu zuen: bi emakumetik batek indarkeria matxista pairatu du bere bizitzan zehar.

 

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eragiten duen Berdintasun Legearen erreforma egin da pasa den ikasturtean, indarkeria matxistaren kontzeptualizazioa irekiago bat ekarri duena. Espainiar estatuan ere, Askatasun sexualen legea onartu da, besteak beste. Urte luzeetan mugimendu feministak mahai gaineratutako hausnarketak eta eskaerak kokatu dira lege testu hauetan.

 

Gutariko bakoitzari dagokigu egoera hori aldatzea, eguneroko zereginetan hasiz, gure inguru hurbilenean jardunez. Eta gure kasuan, erakunde-eremutik jardunez, horretarako beharrezkoak diren baliabide tekniko, ekonomiko eta politikoak aktibatuz, berdintasun-unitateak sustatuz eta haiei laguntza eskainiz, berdintasun-teknikarien egonkortasuna edo kontratazioa bultzatuz, edota emakumeen parte-hartzerako guneak sustatuz.

 

Idiazabalgo Udalean oso argi dugu indarkeria matxistari aurre egin ahal izateko ezinbestekoa dela berdintasun-politikei beharrezko giza baliabide eta baliabide tekniko eta ekonomikoak ematea, eta ildo horretan, uste dugu ikuspegi feministarekin lan egin behar dugula, egunero eta eremu guztietan. Krisiak ez du aitzakia izan behar arazo larri eta kolektibo honi aurre egiteko beharrezkoak diren aurrekontuen murrizketa edo izoztea justifikatzeko.

 

Eta horregatik Idiazabalgo Udalak honako konpromisoak hartuko ditu:

 

  • 2021. urtean onartutako Idiazabalgo Berdintasun Planeko 4. Ildoan lan egitea, “Indarkeria matxistarik gabeko herria”, eta berau osatzen duten ekintzak martxan jartzea.
  • Kontzientziazio-, sentsibilizazio-, prestakuntza- eta erreparazio-lana sustatzen jarraituko dugu, indarkeria matxistak desagerrarazteko bidean aurrera egiteko.
  • Indarkeria matxistaren aurreko erantzun-protokoloa egin eta herriko eragile ezberdinekin batera berau lantzeko konpromisoa hartu.
  • Berdintasunera bideratutako baliabideak egonkortzeko eta indartzeko konpromisoa hartzen du.
  • Neskei, gazteei eta emakume helduei zuzendutako jabekuntza jarduerak egiten jarraituko dugu, hainbat gai jorratu ahal izateko, besteak beste, bikote harremanak eta harreman sexu-afektiboak, amodio erromantikoak, sexualitate libreak, etab., 10 urtetik gorako neskei eta nerabeei zuzendutako autodefentsa feministako tailer iraunkorrak ere jasoz.
  • Mutil eta gizonei zuzendutako lanketa berezituak abiatzeko konpromisoa hartzen du, afektibitatea, harreman ereduak, maskulinitate ereduak, rol sexistak gainditzeko estrategiak, eta parekidetasuna lantzeko besteren artean; eta horretarako programa zehatzak aktibatzeko konpromisoa ere hartzen du.
  • Mugimendu Feministak antolatuko dituen mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu.

 

 

Idiazabalen, 2022ko azaroan