Berriak
Atzealdea

Pilarren Ganbara izen-ematea zabalik

Idiazabalgo Ahalduntze Eskolaren txoko berezienak, Pilarren Ganbarak, ateak irekiko ditu apirilaren 4an.

2022·03·28


Idiazabalgo Udalak 2020 eta 2021 urteetan herriko emakume eta gizonen berdintasunerako Diagnostikoa eta Plana zehaztu zituen, herritar ugariren parte hartzeari esker. Planean bertan zehaztu ziren ekintzetako bat, martxoaren hasieran martxan jarri zen Ahalduntze Eskola zen. Ordutik hona, ekintza eta ikastaro ezberdinak egin dira haren baitan. Datorren astelehenean, apirilaren 4an, Pilarren Ganbarak, Ahalduntze Eskolaren txokorik kuttunenak, irekiko ditu bere ateak.

Pilarren Ganbara, egun emakumea izateak esan nahi duenaren inguruko prestakuntza jasotzeko zein eztabaidarako gunea  izango da, esperientzia indibidual, ideologiko, kultural zein politiko batetik landuta. Emakumeen arteko ahizpatasuna, elkar ez epaitzeko eta laguntzeko txokoa izango da, bakoitzak izan nahi duen pertsona izatera iristeko. Parte hartzen dutenek, irakurri, hitz egin, idatzi, sortu eta ikusi egingo dute. Emakume bezala, ama edo ez ama bezala pentsatzeko espazioa izango da. Biolentziaren inguruan hitz egingo da, barrutik eta kanporaino. Eraikita dauden mitoetatik ikasitako  amatasunen inguruko gogoeta egingo da. Emakumeek dituzten zailtasunetaz arituko dira, baita egindako ekarpenetaz. Oro har, tertuliarako eta hausnarketarako emakumeen txokoa izango da.

Monica Leivak  dinamizatutako gunea izango da eta Pilarreneako ganbara izango da topalekua. Talde eta ekimen egonkorra izanik, oraingoz hiru data zehaztu dira: 

  • Apirilak 4 (18:00-20:00)
  • Maiatzak 2 (18:00-20:00)
  • Ekainak 6 (18:00-20:00)

Izena eman nahi dutenek, whatsapp bidez edo deituta 663 626 196ra edo berdintasuna@idiazabal.eus email bat idatziz.