Berriak
Atzealdea

IV.Euskal Gaztaren Azoka ospatuko da asteburuan

Maiatzaren 7an eta 8an, larunbata eta igandea, IV. Euskal Gaztaren Azoka ospatuko da Idiazabalen.

2022·05·03


Pandemia dela eta bi urtez egin gabe egon eta gero, Euskal gaztaren Azoka bueltan izango da asteburu honetan Idiazabalen txoko ezberdinetako gaztagileen topaleku izateko. Idiazabal herria, zerbaitegatik ezaguna bada, hein handi batean gaztagatik da. Gazta Eguna, 1998. Urteaz geroztik ospatu izan da Idiazabalen.

Gazta protagonista nagusi duen azoka honen helburu nagusia, Euskal Herriko Artzainek egindako gazta sustatzeaz gain, lan horren atzean dagoen guztia babestu eta balioan jartzea da. Idiazabalgo Gazta Azoka, denboraldi berriko aurreneko azoka izaten da; denboraldiko gazta berriak kontsumitzaileari aurkeztu eta artzainekin elkarrizketa izateko abagune paregabea.

Euskal Herriko lurralde guztietako artzainak izango dira bertan, iparralde zein hegoaldeko gaztagileak elkartuko dira herrian, guztira 24. Mendi lerro ezberdinetan lanean diharduten artzainak dira, euskal herriko paisaiaren zaintzan paper garrantzitsua jokatzen dutenak. Aurtengo edizioan gainera, European Cheese Route Association elkarteko bazkide diren herrialdeetako 6  gaztagile ordezkari ere izango dira bertan: Ripoll (Girona); Casar de Caceres (Caceres); Maó (Menorca); Serrada (Valladolid); Villaluenga del Rosario (Cadiz) eta Fundao (Portugal).

Aurtengo edizioan, gaztagile omendua Juanita Irastorza,  Idiazabalgo Etxeberri Goikoa baserrikoa izango da, Goiburu gaztak markaren sortzaileetako bat, bere senarra zen Domingo Goibururekin batera.

Bertaratzen direnek, esperientzia ezberdinez gozatu ahal izango dute: gazta nola egin, artzainen bizia gertutik ezagutu, ardien ile mozketa gertutik ikusi…Tartean “artzain izan nahi dut” esperientzia berezia eskura izango dute, honi esker, artzainaren bizitza ezagutu ahal izango dute Aritz Ganboaren eskutik. Azoka berak gainera, izugarrizko garrantzia du Idiazabalgo garapen ekonomikorako eta turistikorako, sektore hauen bultzatzaile handia izanik.

Egitaraua