Idiazabalgo Udalak Berdintasun Diagnostikoa egingo du
2020·11·11
IDIAZABAL PAREKIDE BATEN BIDEAN, PAUSO BAT AURRERA!
- Plana diseinatzeko prozesuak bi fase nagusi izango ditu. Lehenik eta behin, irailetik abendura bitarte, Idiazabalgo berdintasun-egoeraren inguruko diagnostikoa egingo da. Behin gaur egungo egoeraren argazkia aterata, eta diagnostikoaren emaitza nagusiak kontuan hartuta, urtarriletik aurrera Berdintasunerako Plana diseinatuko da.
- Prozesua irailean abiatu zen. Hasteko, Talde Eragilea sortu zen prozesuari etengabeko jarraipena egiteko. Bertan, berdintasuneko arduradun politikoak, arduradun teknikoak eta Elhuyarreko teknikariek hartzen dute parte.
- Lehenengo zereginetako bat izan da udal-teknikari eta ordezkari politikoekin lan-saioa egitea. Saio hori urriaren 5ean egin zen. Bi lanketa-gai nagusi izan ziren: batetik, berdintasunaren inguruko sentsibilizazioa landu zen, eta, bestetik, martxan jarritako prozesua aurkeztu eta kontrastatu zen. Guztira 14 pertsonak hartu zuten parte.
- Ondoren, diagnostikoaren lanketari heldu zaio. Diagnostikoak balioko du Idiazabalgo emakumeen eta gizonen errealitatea ezagutzeko.
Batetik, informazio kuantitatiboa jasoko da, hau da, iturri desberdinetatik eskuratutako hainbat eremuetako gaur egungo datuak bilduko dira: kultura, kirola, hezkuntza eta gazteria, euskara… Bestetik, informazio kualitatiboa jasoko da. Herriko emakume-kolektiboekin talde-elkarrizketak egingo dira, gaur egun dituzten arazoak, beharrak, kezkak.., zeintzuk diren gertutik ezagutzeko, eta aurrera begirako erronkak identifikatzeko. Zehazki, emakume-kolektibo hauek elkarrizketatuko dira:
- Aizan! Talde feministako emakumeak
- Adineko emakumeak edota emakume jubilatuak
- Emakume adituak, edo genero-gaiak lantzen dituztenak
- Udalerriko beste hainbat alorretan diharduten emakumeak: kulturan eta kirolean dabiltzan emakumeak; lan-sektore jakinetan (industrian, merkataritzan, lehen sektorean…) dabiltzan emakumeak
Guztira 5 elkarrizketa egingo dira.
- Jasotako informazio guztiarekin, diagnostiko-txostena landuko da, eta lan-saio irekia egingo da berau herritarrei aurkezteko eta euren ekarpenekin aberasteko.
- Diagnostikoan identifikatutako hobetu beharreko alderdiak aintzat hartuta, Berdintasunerako I. Plana diseinatuko da datorren urtean. Garrantzitsua izango da diseinatzen den plana egingarria, pragmatikoa, errealista eta ongi dimentsionatutakoa izatea.