Berriak
Atzealdea

Idiazabalgo gaztelekuak bere ateak irekiko ditu

Ia bi urtez itxita egon ondoren, apirilaren 30ean irekiko ditu berriz bere ateak Idiazabalgo gaztelekuak.

2022·04·07


Ia bi urtez itxita egon ondoren, Idiazabalgo gaztelekuak bere ateak irekiko ditu berriz apirilaren 30ean, LH6, DBH1 eta DBH2ko gaztetxoen topaleku izateko. Gaztetxoentzako aisia hezitzailea eskaintzen duen zerbitzu hau Udaletxe Zaharreko 3. solairuan kokatuko da.

Gaztelekuaren irekierarekin batera, Idiazabalgo Udalak eta Eihera elkarteak elkarlanean, parte-hartze prozesu bat jarriko dute martxan partaideekin. Herri hezitzaile Oinherrin jasotako konpromisuekin bat eginda, berdintasunean eta elkar bizikidetzan oinarritutako lanketa egingo da gaztetxoekin. Indarkeria matxista zein generoaren inguruko hausnarketa, bizikidetza jarrera eta konpromezuaren gaineko lanketa, gaztelekuko ekintzen definizioa, funtzionamendua zehaztea, ordutegia adostea… izango dira parte-hartze prozesuaren ardatzetako batzuk.

Zerbitzua larunbat eta igandetan egongo da erabilgarri, arratsaldeko 16:30etatik 19:30etara eta gaztetxoek hezitzaile bat izango dute gidari. Dena den, parte hartze prozesuaren bitartez, gazteen iritzi eta beharrak entzun eta jasoko direnez,  zerbitzuaren nondik-norakoak xehetzen joango dira.