Berriak
Atzealdea

Idiazabalgo Ahalduntze Eskola aurkeztu dute

Gaur goizean, aurkeztu da Idiazabalgo ahalduntze eskola.

2022·03·02


Ahalduntze eskola ez da ohiko prestakuntza leku bat, hori baino gehiago da. Emakumeen jabetzea eta parte hartze sozio-politikoa sendotzeko lekua da. “Eskolaren helburua emakumeon jabetze edo ahalduntze prozesuan maila guztietan eragitea da, Idiazabalgo emakumeon arteko sareak sortuz eta ikusgaitasuna lortuz”, azaldu du Eunate Eliok, Berdintasun zinegotziak.

Martxoan hasi eta uztailera bitarteko egitaraua aurkeztu da. Tartean, lau ikastaro izango dira: Ziklikotasun ikastaroa, ama-alabei zuzendua; Ukendu ikastaroa, “Marieder”, Maider Lakarraren eskutik; irrintzi ikastaroa eta mendi orientazio ikastaroa.

Eskolaren txoko bereziena, Pilarren Ganbara izango da. “Tertuliarako eta hausnarketarako emakumeon txokoa izango da”, azaldu du Eliok. Honen ideia, emakumezkoen talde egonkor bat sortzea da, hilean behineko saioak eginez. “Horrela, elkar zainduz, elkarrekin ahalduntzeko”, gehitu du Eliok.

Lilaldia 2022

Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzeko, aurten antolatutako egitarau bateratua ere aurkeztu da. Mota guztietako ekintzak izango dira: jaialdia, proiekzioak, ipuin kontaketa, antzezlana… Larunbat honetan emango zaio hasiera egitarauari. “Goizeko 11tan Aizan! Festa ospatuko da, plazako karpan, gonbidatu bereziekin. Jarraian poteo morea egingo da. “ Azaldu du Alazne Elorza, Komunitate dinamizatzaileak. Larunbatari bukaera berezia emateko, “Latsariak dokumentalaren proiekzioa egingo da Guraso Elkartean, garai batean lixiba egiten ziren emakumeen ingurukoa.  Eta jarraian, lixiba egiten aritzen ziren Idiazabalgo emakumeei ahotsa emango zaie”, gehitu du Elorzak. Honekin, garai batean emakumeek egiten zuten lana balorean jarri eta ikusarazi nahi dela azpimarratu dute.

Eskuorria