Berriak
Atzealdea

Euskara, Kultura eta Ondarea sailetik Euskaraldiaren inguruko adierazpen instituzionala

Idiazabalgo udalbatzak ahobatez onartu zuen atzo 2020ko @Euskaraldia babesteko Adierazpen Instituzionala. Modu honetara, Idiazabalgo udalak bat egin du Euskaraldiarekin eta euskararen erabilera indartzen jarraitzeko konpromezua hartu du

2020·09·25


Euskara, Kultura eta Ondarea sailetik Euskaraldiaren inguruko adierazpen instituzionala:

 

Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen arteko hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa da, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua.

 

Beste era batera esanda, Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. Helduen aktibazioa du oinarri, eta ariketa egin ahal izateko gutxieneko baldintza euskara ulertzea da.

 

2018an egin zen lehen aldiz ariketa, Euskaraldia: 11 egun euskaraz; orduan norbanakoengan jarri zen fokua eta milaka izan ziren hizkuntza ohiturak aldatzeko helburuarekin ahobizi eta belarriprest moduan ariketan parte hartu zutenak.

 

2020an burutuko da bigarren edizioa, eta, oraingoan, entitateei ere ariketan parte hartzeko gonbidapena egingo zaie, euren eremuetan hizkuntza ohiturak aldatzeko urratsak ematen has daitezen, eta entitateko kideen parte-hartzea sustatu eta babestu dezaten.

 

Bereziki ariketa edo praktika kolektibo bat da. Ariketa horretan maila pertsonalean edota kolektiboan parte hartu ahal izango da.

 

Euskaraldia ondoko helburuekin sortu da:

 

  • Hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea, euskarazko hizkuntza praktikak hedatzeko
  • Norberaren hizkuntza portaera eta ohituren inguruan gogoeta eragin eta aldaketan lagungarri izatea
  • Inertziak apurtzea
  • Gizartean eragina duten era guztietako entitateek hizkuntza ohitura aldaketan babes neurriak hartzea
  • Gizarte aktibazioa, ariketa kolektibo baten bidez
  • Herriz herriko euskaltzaleen artikulazioa bultzatzea
  • Euskararen aldeko eragileak ekimen bateratu baten bueltan antolatzea

 

Adierazpen instituzional honen bitartez, Idiazabalgo Udalak honakoa adierazten du:

  • Udalbatzak bat egiten du Euskaraldiarekin eta ekimenaren sustatzaile izango da. Horrenbestez, erantzukizunez eta eredugarritasunez jokatzeko konpromisoa hartzen du.
  • Ordezkari politikoon egiteko nagusia izango da Euskaraldiaren markoan eta bereziki udal barrura begira ekimena zabaltzea. Horrenbestez, ekimen honetan ahalik eta ahobizi eta belarriprest gehien aktibatzeko urratsak egingo ditugu, arduradun politikoak zein langileak izan.
  • Ahobiziok euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz aritzeko konpromisoa hartzen dugu.
  • Belarriprestok gainerakoak gonbidatuko ditugu gurekin euskaraz egin dezaten, nahiz eta guk euskaraz edo gaztelaniaz erantzun.
  • Udalak neurriak hartuko ditu hizkuntza-praktika horiek posible egiteko eta etorkizunean eutsi ahal izateko.
  • Udalak herrian Euskaraldiaren sustatzeaile den Illati euskara elkartearekin elkarlanean jardungo du, udal barruan ez ezik, udalerrian ere herritarrak ekimenean parte har dezaten gonbidatuz, eta izena emateko bideak erraztuz.