Berriak
Atzealdea

"BAGOAZ" tailerra egin dute LH6ko ikasleek

UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Idiazabalgo Udalak eta Aita Iparragirre herri eskolak elkarlanean antolatutako saioa.

2022·05·31


¨BAGOAZ¨ tailerra,  UEMAko arnasguneen hezkuntza proiektuan kokatzen da eta gazteek euskararen inguruko kontzientzia hartzea du helburu nagusitzat; hizkuntzen arteko harremanak ondo ezagutuz, euskaldun gisa ahaldundu eta aktibatu ahal izateko.

Idiazabalgo  Aita Iparragirre Herri Eskolan LH6ra arteko eskaintza dago, hemen amaitzean, DBH eta batxilergoa egitera Beasain zein Lazkaora joan ohi dira gazteak. Arnasgune bateko errealitatetik euskalduna ez den beste batera egiten dute salto ikasle horiek. Hori dela eta, oso garrantzitsua da, LH6ko ikasleekin zuzenean egon, eta datorren ikasturtean Hizkuntza ohituretan aurkitu ditzaketen aldaketen inguruan hausnartzea, inguru erdaldunago batera joatean beraiek izan dezaketen paper garrantzitsuaz ohartzeko.

Gauzak horrela, UEMAko teknikari baten gidaritzapean solasean eta jolasean aritu dira, gazteak aurkituko duten eszenatoki berri horretara hurbilduz. Ateratako ondorioen artean: ikasgelan euskarak du presentzia handiena, ia ikasle guztiek hitz egiten dute erabat euskaraz. Etxean ere euskarazko erabilera oso altua da. Kalean, ordea, aldatu egiten da egoera, gaztelaniara asko jotzen baitute. Ikus-entzunezkoen kontsumoarekin ere berdin gertatzen da, gaztelaniara jotzen dute euskarazko eskaintza urria dela eta. Musika, nahasian entzuten dute, horrela gustatzen zaielako. Saioarekin amaitzeko, ikasleen hausnarketa bultzatze aldera,  hurrengo urtean kanpora ikastera joan eta aurkitu dezaketen egoeraren aurrean jarri dira ikasleak. Beraiek euskaraz egin eta trukean gaztelania entzuten badute, beraien papera babesteko eta parean dutena euskaraz aritzera animatzeko trebatzen aritu dira.

Saioaren ebaluazioa erabat positiboa izan da, guztiak gustura aritu baitira eta hori ere beharrezkoa da euskarari eutsi diezaioten eta inguruko herrietan ere Euskararen arnasa zabal dezaten.
 

UEMAREN TXOSTENA IRAKURGAI HEMEN