Noticias
Atrás

Apirilean aire aire! (Actualizado)

Udaletik kultur eta kirol eskaintza indartzeko helburu irmoarekin jarraitzen dugu eta egoerak ahalbidetzen digun neurrian, eta osasun eta segurtasun protokolo zehatzak betez, egitarau oparo eta zabala eskaini nahi diegu herritarrei zein Idiazabal bisitatzeko aukera duen orori.

29·03·2021


Apirilaren 1etik 11rarte “Goierri mende bat lehenago” erakusketa jarriko da Idiazabalgo merkataritza eta dendetako erakuslehioetan, Lemniskata Zientzia elkartearen eskutik.

Apirileko igandeetan, 4an eta 11n, Idiazabalgo ezkutuko bazterrak ezagutzeko mendi ibilaldiak antolatu dira Mendi Sailarekin elkarlanean, goiko larreetara eta Urtsuaranera.

Mendizaletasuna eta ondarea uztartzen jarraituz, Aranzadiko Alfredo Moraza historialariak gidatuta, San Adrianera bisita egingo da, hilaren 18an.

Herrian bertako ondareari keinu bat eginez, Apirilaren 5ean, astelehenean, Elizako bisita, eta 6an, asteartean, Indianoen bisita gidatuak izango dira.

Mendi ibilaldi eta bisiten izen ematea aurrez liburutegian egin ahalko da, baita egunean bertan ere.

Pazko asteko egunetarako udaberrilekuak aisialdiko eskaintza izango da Idiazabalgo haurrentzako Xapobixi Aisialdi elkartearen eskutik. 75 haur apuntatu dira aisialdi hezitzailea oinarri duen egitasmo honetara.

Apirilaren 10ean Aire Libreko I. Pintura txapelketa egingo da. Lehiaketa honen bitartez, partaideen irudimena baliatuz herriko ondarea jasotzeko pintura lanak bildu nahi dira eta oinarriak www.idiazabal.eus webgunean daude ikusgai.

Sari banaketa Apirilaren 12an, astelehenean, egingo da parte hartu duten koadroen erakusketa irekierarekin batera, hemen, Udaleko Areto Nagusian.

Apirilaren 17an Xapolarunbatak itzuliko dira eta honez gain, “Gaztetxoak kirolera” ekimena abiatuko da Kirol Orientazio Zerbitzuaren eskutik. DBHtik gorako nerabeentzat hilabetean behin kirol disziplina ezberdinak probatzeko aukera egongo da, herriko eragile ezberdinekin elkarlanean.

Hilabeteari amaiera emateko berriz, apirilaren 23an, liburuaren nazioarteko egunean, Amaren Intxaurrak, Porrotx eta Marimotsen ikuskizuna izango da Igarondo Pilotalekuan. Covid kutsatzeen igoera zela eta atzeratutako ikuskizuna da eta sarrera guztiak agortuta daude.

Azken ekintza moduan, hilaren 24an, Berri Txarrak taldearen “Dardara” dokumentala izango da ikusgai Guraso Elkartean. Sarrerak liburutegian eskuratu ahalko dira 3€an.

 

Descargar programa: